« Itzuli albistegira

Txakolinaren eguna Gernika-Lumon

2009-06-02  ¦  euskotzarak

  • Ekitaldia: Txakolinaren eguna Gernika-Lumon
  • Tokia: GERNIKA-LUMO (BIZKAIA)
  • Data: 2009/06/06
Txakolinaren eguna Gernika-Lumon

Uda garaian, ekaina eta urria bitartean, hilabete bakoitzeko lehen larunbatean azoka bereziak antolatu ohi dituzte Gernika-Lumon. Egun horietako bakoitzean, eskualdeko produktu bat nagusi izaten da. Urterik urte, Euskadiko hainbat ekoizlek -tartean, Busturialdekoek- hartzen dute parte larunbat berezietako azoketan.

Ekainaren 6an emango diote hasiera azoka-denboraldiari, Urdaibaiko Txakolinari eskainitako egunarekin. Hala, udalerrira bertaratzen direnek Bizkaiko Txakolina jatorrizko deitura duen txakolina dastatu eta etxera eramateko aukera izango dute, hamar bat txakolindegiren eskutik. Era berean, baserritarrek frutak eta barazkiak salgai jarriko dituzte.

Jakina, mota honetako azoketan ohikoa denez, jatekoak ere aurkitu ahalko dira bertan, hala nola, gazta (Idiazabal gazta, ahuntz-gazta eta behi-gazta), eztia, patea, ogia, euskal pastela eta txokolatea. Aurrekoa gutxi balitz, herri-kirolen erakustaldiak izango dira ikusgai eta umeentzako gune berezia (puzgarri, jolas eta bestelako ekintzekin) jarriko dute.