« Itzuli albistegira

Txokolatea: tentaldi baten istorioa

2009-06-03  ¦  euskotzarak

Txokolate gozoak izugarrizko papera jokatu du Euskal Herriko gizarte eta gastronomian. Gaur egun, bere momentu "gozoenak" bizitzen ari da.

Txokolatea: tentaldi baten istorioa

Elikagai bat baino zerbait gehiago da: tentazio gozo bat da., bizia eta lurrintsua. Txokolateak jarraitzaile asko izan ditu mendeetan zehar bere zaporeak erakarrita. Gaur egun grina horrek bere horretan jarraitzen du. Txokolateak Ameriketan du bere jatorria. Azteka indiarrek kakaoa ereiten zuten eta horrekin gaur eguneko txokolatearekin zerikusirik ez duen edari bat prestatzen zuten. 1502an Cristóbal Colónek Yucatanen eta Guanaca irlan ezagutu zuen kakaoa, baina espainiar konkistatzaileen benetako aurkikuntza 1519.urtean egin zuten, Hernán Cortés Mexikora heldu zen garaia. Gutxi gora behera, 1700.urterarte, txokolatea Europa mailan Espainian kokatu zen nagusiki. Bertan, fraideek zein eliz- gizonek berau lantzen jarduten zuten. Hain zen handia txokolateak gizartean izan zuen eragina, zeren eta 1700.urtean Elizak berak, baraualdia ez zuela eteten dekretatu zuen, eta andre aberatsek tenpluetara jotzen zuten txokolate kikara bat hartzera. Austriako Felipe III.aren alaba Anaren eta Luis XVIII.aren arteko ezkontzaren aitzakiaz heldu zen txokolatea gorte frantsesera. Italian aldiz, Carletti esklabo tratanteak sartu zuen. Hala ere, Europan, elikagai honen bultzadarik handiena 1657.urtean etorri zen, hain zuzen ere, Ingalaterran berau lantzeko lehengo fabrika sortu zutenean.

Euskal Herrian ere txokolatearen inguruko tradizio handia izan dugu. Hain zuzen ere, Baiona, produktu honen ikur nagusitzat hartu izan da historian zehar. Portugaletik kanporatutako judutarrak bertan kokatu ziren eta txokolatearen elaborazioaren artea ekarri zuten. Jendeak oso azkar ikasi zituen txokolatea lantzeko teknikak. Horrela, 1661ean, txokolategileen lehen batzordea sortu zen judutarrak kanpoan utziz. Hauei, txokolatea ondo ez lantzea eta produktuaren komertzioa kaltetzea leporatu zieten. Beraien arteko liskarrak 1667.urtean bukatu zen Burdeoseko parlamentuak judutarrei arrazoia eman baitzien. XVIII. mendean zehar, industria honek aberastasun handiak ekarri zizkion Baionako herriari eta, 1800. urtean, txokolate tabletak sortu ziren, ordu arte edan egiten baitzen soilik. Gaur egun, Baionan badaude hainbat txokolategi eta gozotegi, benetako txokolatea egiten dutenak.

Geografikoki Baionatik oso gertu dagoen Donostiak tradizioa dauka gutizi honen elaborazioan. Bilbo ere ez atzean geratzen. Jesús Llona-k, txokolatearen lagunen kofradiako lehendakariak, asko daki honen inguruan. Bilboko Tivoli kalean jaio zen, 1915etik 1945era Chocolates Bilbainos, Chobil, lantegia zegoen kalean, hain zuzen ere. Llonak askotan gogora ekartzen du bere haurtzaroa. 10-11 urte zituztela, bera eta bere lagunak lantegi hartara joaten ziren ea zorte pixkarekin txokolate zatitxoak lortzen zituzten. 40. hamarkadan gosetea zegoen eta txokolatea gozoa "bedeinkazio" bat zen Llonaren hitzetan.

Chobil, José Antonio Agirre lehendakariaren familiarena zen. Bertan, txokolate tabletak egiten zituzten eta ospe handia hartu zuen orduan. "Garai hartarako kakao oso gozoa zeukan" esaten du Llonak. "Seguru aski, kakaoa Amerikatik ekarriko zuten, Agirre familiak harremanak baitzituen han" eransten du. Gaur egun, txokolatea egiteko erabiltzen den kakaoak jatorri afrikarra du. Munduan ekoizten den kakaoaren % 70a, Boli Kostakoa da. Mexiko bestalde, seguruenik Chocolates Bilbainosen hornitzaile garrantzitsua izan zena, gaur egun 11. postuan dago munduko kakao ekoizpenean.

Euskal Herrian ohikoa zen txokolate sendoa hartzea. Ogi-irina botatzen zitzaion batzuetan, beste batzuetan berriz arto-irina. Hala ere, denborarekin txokolate arina hartzeko ohitura ezartzen hasi zen, inolako irinik gabe, frantsesek egiten zuten antzera. Azken 30 edo 40 urteetan, badira hainbat establezimendu txokolatea egin eta zerbitzatu dutenak, bai Bilbon eta bai beste euskal hiriburuetan. Adibidez, bada Bilboko erriberan establezimendu ospetsu bat esaten duena, orain dela 30 bat urte, 300 edo 350 txokolate saltzen zituela egunero. Llonak esaten duenez, "txokolateak garai zaila igaro du, jendeak loditzeko beldurra zuelako eta esaten zuten txokolateak loditu egiten duela. Teoria hau gezurra dela frogatu da, azken finean, loditzen ez duen bakarra ura eta platerean geratzen dena dira. Orain jendeak ulertu du txokolatea jan daitekeela beti ere neurrian egiten bada". Txokolatearen krisia bukatu da. "Txokolatea berriz ere bueltatu da, modan jarri da" dio Llonak bukatzeko.